Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wilson, Robert

Estatubatuar antzerkilaria eta artista (Waco, Texas, 1941). Ikasketak Texas-eko Unibertsitatean egin ondoren, autisten eta gorren terapiaren inguruan hasi zen lanean. Hala, 1971ean Gorraren begirada ikuskaria sortu zuen, New York-eko Byrd Hoffmann School-en egindako ikerketen emaitzak biltzen dituena. Ikuskariak arrakasta handia izan zuen, eta Nancy-n eta Parisen erakutsi zuen. Ondoren Wilson Europan hasi zen lanean eta bertan jarraitu zituen bere ikerketak, John Cage musikagileak isiltasunaren eta musikaren arteko harremanaren inguruan egin zituen lanetan oinarrituta askotan. Bere ikuskariek argi erakusten dute Wilsonek testu eta ondare klasikoan zuen interesa; bi osagarri horiek bertsio pertsonal baten mende jartzen ditu, eta mintzamena, musika, jokoaren eta dantzaren inguruko ekialdeko tradizioa eta hotsaren eta argiaren inguruko ikerketak bateratzen ditu. Irudiko antzerki horrez gainera, bideoak egin ditu eta diseinatzaile lana ere egin du.