Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wiles, Andrew John

Britainiar matematikaria (Cambridge, Ingalaterra, 1953). Gaztetan hasi zen matematika lantzen, Fermaten Azken Teorema bereziki. Oxfordeko Merton Unibertsitatean egin zituen lehenengo ikasketak, eta doktoregoa Cambridgeko Clare Unibertsitatean egin zuen, John Coates-en zuzendaritzapean. 1977-1980 urteetan Ikerketa Kide Gaztea izan zen Cambridgeko Clare Unibertsitatean, eta irakasle laguntzaile Harvard-eko Unibertsitatean. 1980an bukatu zuen doktoregoa, eta urtebete igaro zuen Bonnen. Hurrengo urteetan Princetonen eta Parisen aritu zen irakasle. Guggenheim bekari esker, Parisko Ikerketa Zientifiko Aurreratuetako Institutuan eta École Normale Supérieure-an aritu zen. Beste ikerketa guztiak utzirik, Fermaten Azken Teorema aztertzen hasi zen. 1988an Oxford-eko Errege Elkarteko irakasle izan zen, eta urtebete geroago elkarteko kide egin zuten. Wilesek Galoisen teorian ere lan egin zuen urte haietan, eta ekarpen garrantzitsuak egin zituen alor horretan ere. 1993an, Cambridgeko Newton Institutuan, Fermaten Azkeneko Teoremaren froga aurkeztu zuen. Hala ere, akats bat aurkitu zuten frogan, eta hurrengo urtea arte ez zen argitaratu. 1994an Eugene Higgins Irakasle izendatu zuten Princetongo Unibertsitatean. Teoremaren froga Annals of Mathematics aldizkarian argitaratu zen 1995ean. Urte horretatik aurrera sari ugari jaso zituen: Suediako Zientzietako Errege Akademiaren Matematikako Schock saria, Paul Sabatier Unibertsitateko Fermat saria, Wolf saria eta Estatu Batuetako Zientzietako Akademia Nazionaleko matematika saria, besteak beste.