Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wilde, Oscar

Ingeles poeta eta dramagilea, irlandarra jatorriz (Dublin, 1854 - Paris, 1900). Familia aberatsekoa zen; ikasketak Oxforden amaitu zituen, eta laster, edertasun, dotorezia eta arte hutsaz egiten zuen defentsagatik, Ingalaterrako idazle ospetsuena bihurtu zen. Aurrena Poemak argitaratu zuen (1881), ipuinak (The Happy Price and Other Tales; 1888, Printze alaia eta beste ipuin batzuk), kontakizunak (1891, Lord Arthur Saviles’s Crime), saiakerak (Intentions) eta eleberri bakar bat, The Picture of Dorian Gray (1891, Dorian Grayren erretratua, Bittor Hidalgok euskarara itzulia), gordina zela eta, eskandalu handia sortu zuena. Nolanahi ere, ez zuen galdu Londresko goi mailako jendearen artean zuen izena, eta hurrengo urteetan, ingeles komedia zaharkitua erabat berritu zuten hiru obra kaleratu zituen, umore eta ironia handikoak: Lady Windermere’s Fan (1892, Lady Windermereren abanikoa), A Woman of No Importance (1893, Garrantzirik gabeko emakumea), eta ezagunena, The Importance of Being Earnest (1895, Serio izatearen garrantzia), ingeles aristokraziaren agerpen gupidagabea. Urte haietan idatzi zuen halaber drama bat frantsesez, Salomé, Sarah Bernhardek Parisen aurkeztu zuena (1893).  v  Wilde homosexuala zen, eta Lord Alfred Douglas gaztearekin zituen harremanen salaketapean, kartzelan sartu zuten bi urterako. Han hasi zen Wilderen gainbehera. Beste obra bat ere idatzi zuen, Ballad of the Reading Gaol (1989, Reading-eko kartzelako balada), kartzelako bizitzaren gogorkeria salatzen duen deskripziko zirraragarria,bestalde, Lord Alfred Douglasi bidali zion gutun luze mingotsa, 1905. urtean De profundis izenaz argitaratua zen. Kartzelarik atera eta Frantziara alde egin zuen, izena aldatuta. Adiskide batzuek lagundu bazioten ere, bakardadean hil zen.