Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Whitehead, Alfred North

Ingeles matematikaria eta filosofoa (Ramsgate, Kent, 1861 - Cambridge, Massachusetts, 1947). Familia protestante bateko semea zen. Cambridgeko Trinity College eskolan egin zituen filosofiako eta matematikako ikasketak. 1898. urtean Treatise on Universal Algebra (Aljebra unibertsaleko tratatua) obra idatzi zuen eta ikasle zuen Bertrand Russell-ekin hasi zen logika matematikoari buruzko azterketak egiten. 1910. urtean, Londresen, An Introduction to Mathematics (Matematikaren hastapenak) liburua idatzi zuen eta 1913. urtean, Bertrand Russell-ekin batera, Principia mathematica (Matematikako oinarriak) obra argitaratu zuen. Pixkana-pixkanaka zientzia eta filosofia alorretara lerratu zen eta 1924. urtean Estatu Batuetako Harvard-eko unibertsitateak eskaini zion filosofia irakasteko kargua onartu zuen.