Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

White, Barry

Estatubatuar abeslaria (Los Angeles, 1944). Haurtzaroan elizako abesbatzan abestu zuen eta zenbait musika tresna jotzen ikasi zuen. 1968an Love Unlimited izeneko emakume hirukotearen kudeatzaile eta ekoizle gisa hasi zen lanean. 1972. urtearen bukaeran, 20th Century Records diskoetxeak kontratatu zituen White eta hirukotea, eta hurrengo urtean bere lehen diskoa argitaratu zuen, I've Got So Much To Give. 1974an argitaratu zuen bigarren diskoa; aurrekoak adinako salmentak lortu zituen, eta diskoko Never, Never Gonna Give You Up singlea abesti zerrendetako hamar onenen artean kokatu zen. Bien bitartean, Love Unlimited hirugarren tokira iritsi zen Under Influence Of… diskoarekin, eta diskoko abestietako bat, "I'm Under The Influence Of Love", zerrendetako aurren tokira iritsi zen. Jakina, arrakasta horien atzean Barry White zegoen, eta horrek berrogei musikariko orkestra sortzea bultzatu zuen, Love Unlimited Orchestra. Orkestra horrek bi disko argitaratu zituen 1974an, Rhapsody In White eta Together Brothers, eta Barry Whitek, bakarrik, Can't Get Enough Of Your Love diskoa argitaratu zuen, Estatu Batuetako zerrendetan aurreneko tokira iritsi zena. Geroztik beste disko asko argitaratu zituen eta Estatu Batuetan adina arrakasta, edo handiagoa behar bada, izan zuen Europan. Lanik aipagarrienak: Just Another Way To Say I Love You (1975), You See The Trouble With Me (1976), My Sweet Summer Suite (1976), It´s Ecstasy When You Lay Down Next To Me (1977), Just The Way You Are (1979), I Love To Sing The Songs I Sing (1980), The Right Night And Barry White (1987), Put Me In Your Mix (1991), The Icon Is Love (1994).