Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Webern, Anton von

Austriar musikagilea (Viena, 1883 - Mittersill, 1945). 1902. urtean Vienako unibertsitatean sartu zen eta G. Adler-ekin musikologia ikasketak egin zituen. H. Isaac-en Choralis Constantinus eta Errenazimentuko flandestar musikagileen kontrapuntuari buruzko doktore tesia idatzi zuen. 1904-1908. urteetan A. Schoenbergen ikasle izan zen, eta geroago lankide, Vienako Musika Funtzio Pribatuen Elkartean. 1908tik aurrera Viena, Danzig, Praga eta beste hiri batzuetako antzokietako zuzendari izan zen. 1922-1934. urteetan Vienako Langileen Orkestra Sinfonikoaren kontzertuetako zuzendari izan zen. Zenbait alditan BBCko orkestrako zuzendari gonbidatua ere izan zen. Alban Bergekin batera, Schoenbergen eskolako musikagile nagusietako bat izan zen, eta teknika dodekafoniko edo hamabi soinukoetan maisu. Webernen musikaren ezaugarri nagusiak musika tresnen konbinazio bitxiak, doinu etenak eta laburtasuna dira. Lan aipagarriak ditu: Passacaglia (1908); 5 mugimendu (1909); Sei lan orkestrarako (1910); 6 Bagatelles (1913); Begietako argia (1935), korurako; Bariazioak (1940); bi kantata (1939-1943); Lliedak; kanonak eta beste musikagileen lanen moldaketak.