Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Weber, Karl Maria von

Alemaniar musikagilea, orkestra zuzendaria eta piano-jotzailea (Eutin in Oldenburg, 1786 - Londres, 1826). M. Haydnekin egin zituen ikasketak Salzburgon. Hamairu urterekin lehen opera idatzi zuen, eta hamazazpi zituela Breslauko antzokiko musika zuzendari izendatu zuten. 1803. urtean Vienan G.J. Voglerren ikasle izan zen. Hiri askotan lan egin zuen kapera maisu gisa: Breslau, Karlsruhe, Mannheim, Darmstadt, Munich eta Pragan. 1813-1816. urteetan Pragako opera zuzendaria izan zen. Weber-ek Alemaniako operaren oinarriak ezarri zituen; libreto gehienak alemanez idatzita zeuden, eta askotan alemaniar historian oinarritu zen operak idazteko. Bestalde, opera erromantikoaren sortzailetzat hartzen da. 1817-1821. urteetan, Der Freischütz (Isileko ehiztaria) idatzi eta aurkeztu ondoren, garai hartako musikagile ezagunena izan zen. Beste lan aipagarri batzuk ditu: Abu Hassan (1810-1811), Euryanthe (1822-1823), Die Drie Pintos (1820. urtean hasia), Oberon (1825-1826); Turandot (1809) eta Preciosa (1820); Eskoziarrak (1802), Valsean egiteko gonbitea (1819).