Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Viriato

Lusitaniar buruzagia (Mons Herminius, Estrela mendizerra, ? - K.a. 139). K.a. 151. urtean Galba pretore erromatarrak lusitaniarren aurka egindako sarraskitik ihes egitea lortu zuen eta, horrenbestez, lusitaniarren buruzagi bihurtu zen. Lusitania goitik behera ezagutzen zuenez gerrillaren taktika erabili zuen eta garaipen sonatuak lortu zituen (Ronda). Geroago Iberiar Penintsularen ekialdera jo zuen eta hainbat herri konkistatu ondoren zeltiberiarrak erromatarren aurka matxinarazteko ahaleginak egin zituen. Erromako senatuak, bere gudarosteen ezina ikusirik, kontsulen esku utzi zuten gudaroste sendoagoaren zuzendaritza. K.a. 126. urtean Viriato garaitu zuten Baikor-en (gaur egungo Bailen seguru asko) eta hegoaldera egin behar izan zuen Viriatok. K.a. 143. urtean, ordea, zeltiberiarren matxinada gertatu zenean (Numantziako gerra izenaz ezaguna), Lusitaniako errege izendatu zuten Viriato eta bake hitzarmena sinatu zuen Erromarekin. Servilio Cepion kontsulak, ordea, ez zuen hitzarmena onartu eta lusitaniar batzuei dirua ordaindu zien beren buruzagia hil zezaten. K.a. 139. urtean Viriato bere kanpamenduan lo zegoela, Audas, Ditalkon eta Minuros tenienteordeek hil zuten; denbora laburraren buruan lusitaniarrak errenditu zitzaien erromatarrei.