Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Virginia

Estatu Batuetako ekialde muturreko estatua, Chesapeakeko badiaren ondoan, Ozeano Atlantikoaren ertzean. Mugak: ipar-mendebalean, Mendebaleko Virginia; ipar-ekialdean, Maryland; ekialdean, Ozeano Atlantikoa; hegoaldean, Tennesee eta Ipar Carolina; mendebalean, Kentucky. 105.585 km2 eta 6.286.000 biztanle. Hiriburua, Richmond. Hiri nagusiak: Alexandria, Hampton, Newport News, Norfolk eta Portsmouth.  v Orografia. Hiru alde bereizten dira Virginian: kostaldeko ordokia edo Tidewater izenaz ezagutzen den eskualdea; estatuaren erdialdean 100-500 m-ko garaiera duten mendiak daude; mendebalean Appalatxe ordokia eta Blue mendiak daude. Klima subtropikala da lurralde guztian zehar sartaldeko mendialdeetan izan ezik, kontinentala baita alderdi horretako klima. 1.000 mm euri egiten du urtean batez beste. v Biztanleak. XVIII. mendean galestar eta frantses higanot askok eta, aldi berean, Pennsylvaniatik joandako eskoziar, irlandar eta germaniar askok hartu zuen bizilekua Virginian. Estatu Batuetako gerra zibila hasi zenean esklabo beltzak biztanleen % 50 ziren. Egun % 20 baino ez dira beltzak. Biztanleen bi herenak hirietan bizi dira.  v  Ekonomia. Nekazaritza (artoa, tabakoa, kotoia, garia, garagarra), abere hazkuntza (behi azienda), arrantza (ostrak Chesapeakeko badian), meen ustiapena (ikatza) eta industria (altzairugintza, metalurgia, kimika industria, tresneria elektrikoa eta mekanikoa, ontziolak, janari industria, tabakogintza, ehungintza, zurgintza, papergintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. 1606. urtean Londresko Virgin Konpainiaren mende zegoen lurraldea; handik urtebetera sortu zen lehen herrigunea (Jamestown). XVIII. mendean oso urte oparoak izan zituen, laborantzari (tea, tabakoa) eta Kubarekin eta Europako herrialdeekin zituen merkataritza harremanei esker. Independentziako Gerran parte handia izan zuen eta 1776. urtetik aurrera berezko konstituzioaz gobernatzeko aukera izan zuen. Estatu Batuetako politikan ere eragin handia izan zuen: Washington, Jefferson, Madison eta Monroe eta beste zenbait lehendakari bertakoak dira. Alderdi errepublikarrak bertan du sorterria. Errepide sare zabalak, burdinbideak eta Mississippi ibaiak merkataritza harremanetarako ematen zuen aukerak zerikusi handia izan zuten lurraldeko ekonomiaren hazkundean.