Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Van Eyck, Jan

Flandestar pintorea (Maeseyck, 1384 - Brujas, 1441). Gaztaroan Hagan bizi izan zen, Joan Bavariakoaren gortean. 1425ean Filipe Onberak, Burgundiako dukeak, zerbitzari izendatu zuen eta, 1428an, haren aginduz, Portugala joan zen Filiperen emaztegaia Elisabet printzesaren erretratua egitera. Bidaia hartatik itzuli zenean Brujasen hartu zuen bizitokia. Ospe handiko pintorea izan zen, 1432an Arkume mistikoa maisu lana margotu ondoren batez ere. Van Eycken margolana Flandesko pintura berriaren aitzindaritzat hartzen da, Herbehereetako tradizio gotikotik erabat aldenduta. Hiri eta herri ikuspegiak naturalismo handiaz margotu zituen, trebetasun handia erakutsi zuen etxe barruetako perspektiba moldatzean, eta xehetasun handiaz margotu zituen etxeko gauzak, pitxiak eta altzariak. Miniaturista trebea eta erretratugile bikaina izan zen bestalde. Denbora luzean uste izan da Van Eyck anaiek asmatu zituztela oleo pinturak, baina egin zutena pintura horiek erabiltzeko teknika hobetzea izan zen. Bai teknika aldetik, bai argi jokoen zein naturalismoaren aldetik, eragin handia izan zuen Flandesko artean eta, oro har, Europakoan. Haren hogeita hamar bat koadro gorde dira, eta horien artean, aipatutakoaz gainera nabarmentzekoak dira Gizona turbantearekin (1433), Arnolfini senar-emazteak (1434), Rolin kantzilerraren Amabirjina, Van der Paele elizgizonaren Amabirjina (1436), eta Margarita Van Eycken erretratua (1439).