Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Van Eyck, Aldo

Holandar arkitektoa (1918-1999). Holandar estrukturalismoaren aitzindaria, Pieter Nicolaas van Eyck poeta eta filosofoaren semea. Britainia Handian igaro zuen haurtzaroa eta nerabezaroa, baina Hagan eta Zurichen egin zituen goi mailako ikasketak (1935-1942). Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Amsterdameko Herri Lanetako Sailarentzat egin zuen lan. Zenbait bidaia egin zituen Afrikara, eta arrazionalismoari buruzko bere ikuspegi kritikoa areagotuz joan zen haietan. Hamargarren Arkitektura Modernoko Nazioarteko Biltzarra, 1956an, arkitekto gazte erradikalek antolatu zuten, Van Eyck tartean, eta Team X izena hartu zuten. Hurrengo urteak izan zituen emankorrenak; bere proiektuek, bere testu eztabaidatuek eta irakaskuntzak 1970 ondoko urteetako arkitektoen erreferentzia puntu nagusietako bat bihurtu zuten. Bere arkitekturak "lekua eta abagunea" ezarri nahi zituen espazioaren eta denboraren lekuan, Herbehereetako tradizio neoplastikoarekin bat eginez. Hortik sortu zen Holandako estrukturalismoa, mugimenduaren eta erkidegoko bizitza aldakorraren zerbitzura jartzen duena ordena geometrikoa. Arkitektura molde horretako eredu nagusia Amsterdameko umezurztegia izan zen, 1960an amaitua. Maisulan horren ondoren Pastoor van Ars elizaren proiektua egin zuen, Hagan, eta eskulturen pabiloia, Arnhemen. Hurrengo hamarraldian Amsterdameko ama eta haurren egoitza eraikiarazi zuen, geometria konplexu eta kolore biziko eraikuntza. Baina bere karrerako obrarik nagusia Noordwijkeko Espazioaren Europar Agentziaren egoitza izan zen, 1980 ondoko urteetan egina.