Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tylor, Edward Burnett

Ingeles antropologoa (Londres, 1832 - Wellington, Somerset, 1917). Merkatari kuakero aberats baten semea zen eta 1855ean Ameriketara joan behar izan zuen osasun arazoak zirela eta. Hurrengo urteetan Kuban eta Mexikon zehar ibili zen Henry Christy etnologoarekin. Ingalaterrara itzuli zenean argitaratu zuen lehen lana: Anahuac; or Mexico and the Mexicans Ancient and Modern (1861, Anahuac; edo Mexiko eta antzinateko mexikarrak eta mexikar modernoak). Atzerrian ere arrakasta handia lortu zuen ondoko urteetan idatzitako bi trataturi esker: Researches into the Early History of Mankind and the Development of Civilization (1865, Gizakiaren jatorrizko historiari buruzko ikerketak eta zibilizazioaren garapena) eta, batez ere, Primitive Culture (1871, Jatorrizko kultura). Charles Darwin-en bilakaeraren teoriaren aldeko agertu zen eta gizakiaren historia jatorritik zibilizaziorainoko bidea jarraitua dela azaldu zuen. Antropologiaren xedea, beraz, gizakiaren jardueraren eta pentsamoldearen legeak aztertzean datzala zioen. Bere garaiko antropologorik handiena izan zen Tylor. 1884. urtetik aurrera Oxford-eko unibertsitatean irakasle izan zen.