Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tyler, Anne

Estatubatuar eleberrigilea (Minneapolis, Minnesota, 1941). Oso ezaguna Estatu Batuetako erdiko klaseko familia bizitzaren deskripzio zorrotzengatik. Bere pertsonaia gehienak eguneroko bizitzako arazoei aurre egin behar dieten pertsona arruntak dira. Arnas ariketak (1988) eleberriarekin –beren bizitza itxuraz hutsala beren gain hartzen saiatzen diren senar-emaztegai batzuen historia– Pulitzer saria irabazi zuen 1989an. Anne Tyler Minneapolisen jaio zen, baina askotan aldatu ziren etxez, harik eta, berak zazpi urte zituela, kuakero komuna batean bizitzen gelditu ziren arte. 1952an Raleighera joan ziren bizitzera, Ipar Karolinara. Duke Unibertsitatean egin zituen ikasketak, Reynolds Price eleberrigilearekin, besteak beste. 1961ean lortu zuen lizentzia, eta 1963an Taghi Mohammed Modarressi irandar jatorriko psikiatrarekin ezkondu zen, eta Montréaleko McGill Unibertsitatera joan zen berarekin. Han idatzi zuen bere lehenengo eleberria: Egunsentia iristen bada (1964). 1967an Baltimorera joan ziren bizitzera, eta Tyler buru-belarri idazten hasi zen. Anne Tylerren eleberriak Ipar Karolinako nekazari giroko herrietan edota Baltimoreko hirian kokatuta daude gehienak. Bere seigarren eleberriarekin lortu zuen ospea eta kritikaren onespena: Caleb-en bila (1976), Baltimoreko familia bateko lau belaunaldiren kontakizuna, gizabanakoaren beharrak arakatzeko aitzakia gisa erabilia. Bere hamargarren eleberriak ere izugarrizko arrakasta izan zuen: Ustekabeko turista (1985, Lawrance Kasdanek zinemara eramana) bere semearen bat-bateko heriotzari aurre egiten ikasten duen gizon baten historia. Beste zenbait lan aipagarri: Zeruko nabigazioa (1974); Morganen igarotzea (1980); Ia santu bat (1991); Urteen eskailera (1995).