Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tshombe, Moïse Kapenda

Kongoko politikaria (Musumba, 1919 - Aljeria, 1969). Familia aristokratiko aberatsean jaio zen. Belgikarren kolonizazioaren denboran negozio gizon bakarrenetarikoa izan zen. Conakat (Katangako Elkarteen Konfederazioa) alderdiaren sortzailea eta buruzagia izan zen. Kongoren independentziari dagokionez, federalismoaren aldeko izan zen, gerora garaile irten ziren Lumumbaren ikuspegi bateratzailearen aurka. 1960ko ekainaren 30ean Kongoren independentzia aldarrikatu eta hamar egunetara, Katanga probintziaren independentzia ezarri zuen, mea aberastasunak kontrolatzen zituzten europar enpresa ahaltsuen babesarekin. Katangako Lehen ministro zela mertzenari zuriez baliatu zen aginpideari eusteko, NBEari eta Lumumbaren gobernu zentralari aurre eginez. 1963. urtean etsi egin behar izan zuen eta Europara erbesteratu zen. 1964ko uztailean Kasavubu lehendakariak gobernu zentraleko Lehen ministro izendatu zuen. Politika zentralista eta atzerriko konpainien aldekoa bultzatu zuen, baina 1965. urtean Mobutu jeneralak estatu kolpea eman ondoren Espainiara erbesteratu zen. 1967ko uztailean, aginpidea berreskuratzearren europar mertzenari talde bat antolatzen ari zela, hegaldi batean bahitu eta Aljeriara eraman zuten. Bihotzekoak jota 1969an hil zen.