Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Traoré, Moussa

Maliar militarra eta politikoa (Kayes, 1936). Maliko presidentea 1969-1991 urteetan. Kati-ko Militar Eskolan egin zituen ikasketak. Gero Frantziako gudarostean sartu zen, eta 1960an bere herrialdera itzuli zen. 1971n koronel izendatu zuten eta zazpi urte geroago jeneral. 1968an Maliko lehendakari Modibo Keita kargutik kendu zuen estatu kolpearen buru izan zen. Orduan Askapen Nazionalerako Batzorde Militarreko lehendakari izendatu zuten, eta Maliko Gudarosteen komandanteburu. 1969 eta 1979 bitartean Lehen ministro izan zen, eta azken urte hartatik aurrera Maliko lehendakari. Gainera, Defentsa eta Segurtasun ministro izan zen 1978-1986 bitartean, eta Barne ministro 1978-1979 bitartean. 1970ean Afrika Mendebaldeko Estatuetako Estatuburuen Konferentziako lehendakari izan zen. 1985ean Maliko lehendakari hautatu zuten berriro. 1988an, berriz, Afrikar Batasunaren Aldeko Erakundeko (OUA) lehendakari hautatu zuten; 1989ko uztailean Egiptoko lehendakari Hosni Mubarakek hartu zuen haren lekua OUAren lehendakaritzan. 1990ean, Egipto eta Mexikoko lehendakariekin batera, Haurtzaroaren Mundu Gailurraren antolatzaileetako bat izan zen, Nazio Batuen babespean. 1991n Maliko egoera politikoa krisian sartu zen, eta ikasleek hezkuntzaren kalitate txarraren aurkako manifestazioak deitu zituzten. Martxotik aurrerako protestetan, baina, alderdi bakarreko sistema desagertzea eta alderdi aniztasuna onartzea izan zen manifestazioetako eskari nagusia. Protestek herritarren eta gudarostearen arteko borroka odoltsuak ekarri zituzten. Negoziatzeko ezintasunaren aurrean, oposizioak greba orokorra deitu zuen, Traorek dimisioa eman arte greban irauteko asmoz. Traorek ez zuen dimisioa emateko asmorik agertu, baina setio egoera eta etxeratze deia bertan behera uztea erabaki zuen. Bere agintaldiaren amaiera arte, alegia ekaina arte, eutsi nahi zion karguari, baina martxoan bere gudarosteak kenarazi zuen kargutik. Gudarosteak bertan behera utzi zuen Konstituzioa, legebiltzarra desegin zuen, alderdi bakarra abolitu zuen, Bakearen Aldeko Batzorde Nazionala antolatu zuen eta oposizioarekin bat egin zuen.