Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Trapaga

Bizkaiko udalerria (Bilbo Handia eskualdea). Valle de Trápaga-Trapagaran du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Ortuella, Portugalete eta Sestao; ekialdean, Sestao eta Barakaldo; mendebalean, Ortuella eta Galdames; hegoaldean, Galdames eta Barakaldo. Garaiera, 10 m. 13,06 km2. 1997ko datuen arabera, 12.693 biztanle (trapagarrak). Auzo nagusiak: Zugaztieta, Durañona, Elgero, Galindo-Salcedillo, Matamoros Burtzako, Parkotxa-Auzobarri, Larrañeta, Trapaga-Kauso eta Ugarte. Udalerria Bilboko meagune zabalaren barnean dago. Biztanleen hizkuntza-banaketa 1996an: 1.680 euskaldun, 2.413 ia-euskaldun eta 8.562 erdaldun. Industria (altzairugintza, altzarigintza, industria kimikoa) eta lurpeko aberastasunen ustiketa (burdin-hobi garrantzitsuak) dira ekonomia jarduera nagusiak (langileen % 66). Aipagarria da Salbatore antzaldatuaren eliza (XIX. mendean berritua). v Historia. Santurtziko udalerriko auzoa izan zen XVI. mendea arte eta aipatutako herriarekin eta Sestaokoarekin osatu zuen Trapagakoak “Somorrostroko haraneko Hiru Auzoak” izenekoa. Ordezkari bakarra bidaltzen zuten Gernikako Juntetxera hiru herriek kontzejua bertan behera utzi eta herri burujabe egin ziren arte.