Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Togliatti, Palmiro

Italiar politikaria (Genoa, 1893 - Jalta, 1964). Alderdi sozialistako kidea zen eta Avanti aldizkari komunistako erredaktoreetako bat. Italiako alderdi komunistaren sortzaileetako bat izan zen (1921). Faxismoa baino lehen Sobietar Batasunera erbesteratu zen eta Komitern-eko idazkari egin zuten (1937). 1937-1939 urteetan komisario politikoa izan zen Espainiako Gerra Zibilean. 1944an Italiara itzuli zen eta karteragabeko ministroa izan zen Badoglioren aginpidean (1944). 1944-1946 urteetan, halaber, ministro izan zen, hots, Bonomi, Parri eta De Gasperi-ren aginpidean. 1947. urtean, aginpideko gainerako komunistak bezala, kargutik kendu zuten eta oposizio buru bihurtu zen Togliatti. Alderdiaren barne arazoei dagokienez, estalinizazioaren aurka agertu zen, eta Moskuren eta Pekinen arteko auzia piztu zenean, nazio bakoitzeko alderdi komunisten erabakiak errespetatzearen alde agertu zen.