Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tibet

Txinako lurralde autonomoa. Mugak: Txinako Szechwan probintzia ekialdean, Txinako Yunnan hego-ekialdean eta Tsinghai ipar-ekialdean; Txinako Xinkiang lurralde autonomoa ipar-mendebalean; Jammu eta Kaxmir mendebalean; eta India, Nepal, Bhutan eta Burma hegoaldean. Hiriburua: Lhasa. 1.221.600 km2. 2.196.010 biztanle (1990). Erlijioa: Tibeteko budismoa edo lamaismoa. Hizkuntza: tibetera. Hiri nagusiak: Shigatse, Gyangtse eta Gantok.  v  Orografia eta hidrografia. Tibeteko lurraldea goi-ordoki bat da, mendi garaiez inguratua. Tibeteko garaiera 3.000 m-tik gorakoa da lurraldeko leku guztietan, eta askotan 4.000 m-tik gorakoa. Iparraldeko goi-ordokiak (Byang-thang) 1.300 km hartzen ditu mendebaletik ekialdera eta 4.600 m-ko garaiera du. Iparraldean Kuen Lun mendiak ditu (6.000 m inguru); mendebaleko eta hegoaldeko mugan, berriz, Himalaia mendiak; horietako bat da Everest mendia (8.848 m), Tibeten eta Nepalen arteko mugan; ekialdean Trans-Himalaia mendiak ditu, 6.000 m ingurukoak. Bi mendikate horien artean Brahmaputra ibaia igarotzen da, Tibeteko hegoaldea zeharkatu ondoren, mendien artetik igaro eta Indian barrena abiatzen dena. Iparraldean eta erdialdean ez da ibairik, baina badira aintzira handiak. Tibeteko mendietan munduko ibairik handienetako batzuk sortzen dira: Indo, Brahmaputra, Yangtze, Huang Ho, Mekong, Salween eta Tarim ibaiak. Horietaik Brahmaputra da Tibeteko lurraldeak igarotzen dituen bakarra.  v  Klima eta landaredia. Lehorra da oro har, eta hezetasun txikia du, Himalaia mendi garaiek oztopo egiten baitiete hegoaldeko montzoi haizeei eta haiek ekartzen dituzten euriei. Tenperatura hotza izaten da mendialdean (5.500 m ingurutik gora elurra urte osoan) eta epelagoa ibarretan. Hiriburuan adibidez (3.600 m) batez beste 0 °C inguru izaten dira neguan eta 17 °C udan. Tenperatura aldaketa handiak izaten dira egunean zehar, goizak eta gauak oso hotzak baitira. Bestalde haize hotz eta lehorrari esker labore aleak luze irauten dute (50-60 urte) biltegietan eta ez da izaten izurriterik. Eguraldia dela eta mendietan eta iparraldeko eta erdialdeko goi-ordokietan artzain nomadak besterik ez dira bizi. Brahmaputraren arroan klima epelagoa da eta laboreak lantzen dira horri esker.  v  Biztanleak. Tibeteko biztanle gehienak etnia berekoak dira eta hizkuntza bera erabiltzen dute (tibetera). Tibetarrak 4.000.000 inguru dira, Txinako beste lurraldeetan bizi direnak kontuan hartuta, eta beste 2.000.000 inguru gehiago dira Bhutan-en, Indian, Nepaleko iparraldean, Jammu-n eta Kaxmir-en bizi direnak. 1959. urtea arte biztanleen % 20 apaizen taldeko kideak ziren (1960an 2.400 monasterio zeuden eta 100.000 fraide edo moja; 1979an, txinatarren erasoen ondoren, 12 monasterio eta 2.000 fraide edo moja besterik ez). Monasterioak izan dira ikasteko leku nagusiak.  v  Ekonomia. Artzaintza, nekazaritza eta basogintza dira Tibeteko ekonomiaren oinarri nagusiak. Merkataritzak, eskulangintzak, administrazioak eta erlijio egiturak ere garrantzi handia dute. Kastak dira gizartearen antolamenduaren oinarria, baina ez kastek Indian duten egitura itxiarekin, eta goi mailako kastak badiren arren, biztanle gehienak nekazariak dira. Nekazaritza (garagarra, koltza, patata, azenarioa…) eta abere hazkuntza (yak-a, ahuntzak eta ardiak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Mea ugari dagoen arren lurraldearen orografiak ez du erreztasunik ematen gaiak ateratzeko. 1951 arte komunikabideak oso urriak eta desegokiak ziren; tibetar gehienak oinez, zamariz edo ibai-ontziz ibiltzen ziren; urte horretan hasi ziren txinatarrak autoz ibiltzeko lehenengo errepideak egiten.  v  Historia. Tibeteko lurraldea nazio batua zen III. mendean, budismoaren hedapena hasi zenean. Handik aurrera printzerri txikietan banatu zen, eta 1247an mongolen erasoak jasan zituen. Bitarte horretan budismo lamaista nagusitu zen. Lehenengo dalai-lamak (XIV-XV. mendeen bitartean) erlijio aginpidea zuen soilik, baina ondorengoek gero eta aginpide handiagoa bereganatu zuten, eta 1642an dalai-lama Tibeteko gobernuaren buru izendatua izan zen. 1950. urtea arte Tibetek ez zuen ia harremanik izan kanpoko herrialdeekin. Urte horretan Txinako Herri Errepublikak hartu zuen lurraldea. Tibetarrak Txinaren mende egon ziren handik aurrera; txinatarrek aitonen semeei eta elizari lurrak kendu zizkieten, nekazaritza kolektiboa antolatu zuten eta budismoa debekatu zuten. Matxinada ugariren ondoren, 1959an Tenzin Gyatso dalai-lamak Indiara ihes egin behar izan zuen, eta txinatarrek antolatu zuten lurraldeko ekonomia eta politika. Gaur egun Txinako lurralde autonomoa da, baina txinatarren aurkako erresistentzia higikundeak badira oraindik ere.