Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tiberio

(Lat. Tiberius Claudius Nero). Erromako bigarren enperadorea, 14-37 urteetan, Tiberio Claudioren eta Liviaren semea (Erroma, K.a. 42 - Capri, K.o. 37). Livia Augustorekin ezkondu zen bigarrenez, eta enperadorearen familiako kide bihurtu zen horrela Tiberio. Giro militarrean hezi zen, eta Panonian eta Dalmazian lortutako garaipenei esker ospetsu egin zen Erroman. K.a. 12. urtean, Augusto enperadoreak bultzatuta, bere emaztearengandik banatu eta haren alaba Juliarekin ezkondu zen. Sei urte geroago tribuno egin zuten baina emaztearekin izan zituen arazo batzuk zirela eta, Rodasko uhartera erbesteratu zen. Enperadorearen kargua betetzeko legezko oinordekoak hil eta Julia atzerriratu zutenean, Erromara itzuli zen Tiberio eta garaipen sonatuak lortu zituen Germanian. Augustok, ondorioz, semetzat hartu zuen eta hura hil zenean (K.o.12), enperadore izendatu zuen senatuak. Agintaldiko lehen urteetan sendotu egin zituen inperioko ekonomia eta erakundeak, eta, horretarako, mugak zehazteaz gainera, gastu publikoak murriztu zituen. 23. urtean semea (Druso) hil zenean, kontseilarien esku utzi zuen aginpidea eta ustelkeria nagusitu zen gobernuan. 27. urtean Capriko uhartera erretiratu eta, Luzio Sejano pretorearen bidez, Erroma gobernatzen jarraitu zuen; historialari batzuen iritziz, ustelkeria, bortizkeria eta etikarik eza asko hedatu ziren garai hartan. 31. urtean, ordea, Sejano hiltzeko agindua eman zuen Tiberiok, eta hil aurretik oso erresuma sendoa antolatu zuen.