Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Thiers, Louis Adolphe

Frantses politikaria, kazetaria eta historialaria (Marseilla, 1797 - Saint-German-en-Laye, 1877). Aix-en-Provencen zuzenbideko ikasketak egin ondoren Paris hirian bizileku hartu eta berehala egin zen ezagun, Le Constitutionnel eta Le National egunkarietan Karlos X.a aginpidetik baztertzearen eta askatasun publikoaren alde idatzi zituen artikuluengatik. 1830. urteko iraultzaren ondoren, kargu garrantzitsuak izan zituen Luis Filipe I.aren agintaldian (gobernuburu ere izan zen), baina 1840an dimisioa eman behar izan zuen erregea ez zetorrelako bat haren kanpo arazoetarako politika zorrotzarekin. Bigarren inperioan diputatua izan zen, eta legebiltzarreko erakundeen alde agertu zen Napoleon III.aren autoritarismoaren aurrean. Urte horietan Histoire du consulat et de l’empire (1845-1862, Kontsulatuaren eta inperioaren historia) obra handia idatzi zuen, frantses nazionalismoaren berpizkundean eragin handia izan zuena. 1870ean Frantziaren eta Prusiaren arteko gerraren aurka agertu zen, ez baitzuen gerra irabazteko inolako aukerarik ikusten. Gerra galdu ondoren Hirugarren Errepublikako lehendakari hautatu zuten (1871), eta, Frantziarentzako politika sistemarik egokiena errepublika kontserbadorea zelakoan, gogor zapaldu zuen urte bereko Parisko Komunako matxinada. 1873. urtean dimisioa aurkeztu zuen.