Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Theroux, Paul

Estatubatuar eleberrigile eta bidaiaria (Medford, Massachusetts, 1941). Ikasketak amaituta Italia eta Afrikan zehar bidaiatu zuen eta Bake Indarren maisu gisa lan egin zuen Malawiko eskola batean, eta irakasle gisa Makerereko Unibertsitatean, Ugandan. Kampalan V. S. Naipaul ezagutu zuen eta haren mudu ikuspegi ezkor eta aldi berean irrigarriak arrasto handia utzi zuen Theroux gaztearengan. 1968an, bere lehen eleberria (Waldo) argitaratu ondoren, lanpostu bat lortu zuen Singapurreko Unibertsitateko ingeles sailean, eta hiru urtez egon zen han. Denboraldi horretan kontakizunak eta artikuluak argitaratu zituen, eta zenbait eleberri idatzi zituen, hala nola Fong eta indiarrak eta Neskak jolasean, garrantzitsuenak aipatzearren. 1971n Oihaneko maiteminduak –Malawin bizi izandako urteetan oinarritua– argitaratu eta gutxira bere emazte eta bi semeekin Dorsetera joan zen, Ingalaterrara, eta han Saint Jack idatzi zuen. Gero Londresen jarri zen bizitzen eta hamazpi urtez geratu zen Britainia Handian. Denboraldi horretan fikziozko hamabi liburu idatzi zituen, zein baino zein arrakastatsuagoak. Bere bizitzaren azkeneko urteak Britainia Handia eta Estatu Batuen artean eman zituen. Nire bizitza sekretua eleberri autobiografikoan eman zuen urte haien berri. Hirugoieta hamar eta laurogeiko hamarraldietako bere eleberri onenak Familiaren armategia (1976) eta Mosquitos kosta (1981) dira. Azkeneko hori arrakasta handiz eraman zen zinemara. Azken urteetako beste eleberri aipagarria Millroy aztia (1993) da. Idatzi zituen bidaia liburuen artean Trenbideko bazar handia (1975) eta Patagonia Express zaharra (1979) dira aipagarrienak.