Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Teng Hsiao-Ping

edo Den Xiaoping. Txinatar politikaria (Kuangyuan, Szechwan, 1904 – Pekin, 1997). Ikasketak Frantzian egitean ari zela Txu En-lai ezagutu zuen, eta 1922an alderdi komunistako kide egin zen. Txinara itzuli zenean Bide Luzea-n parte hartu zuen eta japoniarren eta Xiang Kai-Xek buru zuen kapitalismoaren aldeko gudarostearen aurka borrokatu zen. 1945ean Txinako alderdi komunistako batzorde zentraleko kide egin zuten eta 1953-1946 urteetan alderdiko idazkari nagusi. Politburoko kidea izan zen, 1967. urteko langileen kultura iraultzak kapitalismoa bultzatzeko jarrera zuela leporatu zion arte. 1973. urteko alderdi komunistaren X. kongresuan berriro agertu zen jendaurrera eta Txu En-lairen laguntzaile zuzena bihurtu zen. 1974. urtean Politburoko kide izendatu zuten, eta urtebete geroago ministro orde, alderdiko lehendakari orde eta gudarosteko estatu nagusiko buruzagi. Txu En-lai hil zenean kargutik kendu zuten berriro ere kapitalismoari bideak zabaltzen ari zitzaizkiolakoan. 1977an Mao hil zenean erregimeneko politikari garrantzitsuena bihurtu zen baina 1980. urtean kargu guztiak utzi zituen. 1981. urtean ordea, Xangaiko taldearen aurkako prozesua bultzatu zuen Pekinen eta Maoren politika baztertu zuen. Itzalean bazen ere Txinako agintari gorena izaten jarraitu zuen baina 1987. urtetik aurrera karguak uzten hasi zen eta libre utzi zuen alderdiko batzorde zentraleko kargua. Hala eta guztiz ere batzorde militarreko buruzagi gorena izan zen, 1989an Tiananmen plazan izan ziren istilu odoltsuen ondorioz kargua utzi behar izan zuen arte.