Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tauer, Norbert

Txekiar euskalaria (Plzen, 1898 - Praga, 1983). Merkataritza ikasketak egin zituen Pragan, eta hiri hartako udaletxean aritu zen lanean diplomazia zerbitzuan. 1919-1939 bitartean, Madrilen egon zen Txekoslovakiako diplomazia ordezkari. Hogei urte zituela etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira eta euskara ikasten hasi zen. Euskarazko lehen artikulua Argia aldizkarian argitaratu zuen, 1928an. Txekoslovakian ere idatzi zuen euskaldunei buruz Narodni obzer aldizkarian, esaterako: Baskové (1936, Euskaldunak) eta Baskovnina a jeji dnesni situace (1965, Euskara eta euskararen oraingo egoera) artikuluak. 1968an, Pragan, Slovník spisovatelu. Spanelsko portugalsko (Espainiako eta Portugaleko idazleen hiztegia) liburua argitaratu zen; Tauer-ek egin zuen euskal idazleei buruzko lana. Hura izan zen bere lanik garrantzitsuena. Euskaraz ere asko idatzi zuen, Euzko Deya, Olerti, Karmel, Egan, Gernika, Umeen Deya aldizkarietan, besteak beste. 1962an, omenaldi gisa, Argentinako euskalzaleek Tauer-en euskal idazki batzuk bildu eta Nere idazkiak izenburupean argitaratu zizkioten. Gutun truke jakingarririk izan zuen, bestalde, gerra ondoko hainbat euskal idazlerekin. Euskaltzaindiako ohorezko kidea izan zen.