Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tarragona

Kataluniako hegoaldeko hiria eta izen bereko probintziako hiriburua, Mediterraneo itsasoaren ertzean. Fracolí ibaia itsasoratzen den tokitik hurbil dago hiria, muino harritsu baten gainean. Erromatarren garaiko harresiek inguratua dago muinoaren gainaldea, eta akropoli bat dago. Katedrala (XII-XIII. mendeak), Unibertsitatea. Arkeologia museoa. Komunikabide gune garrantzitsua (errepideak, burdinbideak, portua) da. Industriak (tabakogintza, ehungintza, kontserbak, kimika industria, burdingintza) gora egin du azken urte hauetan. Petrolio findegiak. v Historia. K.a. 218. urtean Cneok eta Publio Eszipionek hartu eta gotorleku bihurtu zuten. Erromatarren garaian Tarraco izena eman zioten eta Tarraconensis herrialdeko hiriburua izan zen. III. mendean barbaroek suntsitu zuten. 464. urtean bisigodoek hartu zuten, eta 714. urtean arabiarrek. XII. mendean Ramón Berenguer III.ak berriro konkistatu zuen.