Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Szeryng, Henryk

Poloniar biolin jotzailea (Zelazowa Wola, Varsoviatik hurbil, 1918 - Kassel, 1988). Txikitan hasi zen biolina jotzen. Hamar urte zituela Bronislaw Huberman-ek entzun zuen, eta Berlinera joateko aholkua eman zien gurasoei (1928-1932). Han Carl Flesch eta Willy Hess-en ikasle izan zen. 1932an Szeryng-en familiak Parisen hartu zuen bizilekua eta Sorbonan jarraitu zituen ikasketak. Handik urtebetera eman zituen bere lehenengo kontzertuak. 1935ean Beethovenen Kontzertua jo zuen Varsovian Bruno Walter-en zuzendaritzapean. Parisko Kontserbatorioan Nadia Boulanger eta Jacques Thibaud-ekin lan egin zuen. Gerra hasi zenean Poloniako gudarostean sartu zen boluntario, eta Poloniako Lehen ministroaren interpretari jarri zuten (zortzi hizkuntza zekizkien). 1942an poloniar iheslari talde bati Latinoamerikara joaten lagundu zion, eta lau mila lagunentzako lekua aurkitu behar izan zuen. Mexikon izugarrizko harrena ona izan zuen eta gerra amaitu ondoren bertara joatea erabaki zuen. 1946an han hartu zuen bizilekua. Hango unibertsitateko biolin departamentua sortu zuen eta mexikar hiritartasuna hartu zuen. Handik gutxira Genevako Kontserbatorioko irakasle izendatu zuten, eta urtean bi hilabete han igarotzen zituen. 1956. urtetik aurrera bira bat egin zuen Europan barrena eta Mexikoko kultura enbaxadore izendatu zuten. 1958an egin zuen debuta Estatu Batuetan. 1965ean Salzburgoko Jaialdira gonbidatu zuten eta Mexikoko musika ordezkaria izendatu zuten UNESCOn. Hurrengo urtean Mexikoko Kontserbatorioko ohorezko zuzendari izendatu zuten.