Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Szabó, István

Hungariar zinema zuzendaria (Budapest, 1938). Budapesteko Antzerki eta Zinema Akademian egin zituen ikasketak. 1960ko hamarraldian nazioarteko jaialdiz jaialdi ibili zen bere film laburrekin, eta lehenengoekin, adibidez Koncert (1961), sari asko irabazi zituen. Bere lehenego film luzeek ere arrakasta handia izan zuten nazioarteko jaialdietan (Locarno, Mosku, …). Handik urteetara bere izena indar handiz entzun zen, ostera, Bizalom filma (1979) atzerritar film onenaren Oscar sarirako izendatu zutenean; filmak, gainera, zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza saria jaso zuen Berlingo Jaialdian. Hala ere, Mephisto (1981) filma –Klaus Maria Brandauer austriar antzezlearekin– izan zen kritikaren arreta ez ezik ikusleena ere erakarri zuena lehenengo aldiz. Lan horrekin atzerriko film onenaren Oscar saria jaso zuen, eta Cannesko Jaialdian gidoi onenaren saria irabazi zuen. Hurrengo bi filmetan ere Klaus Maria Brandaurrek jokatu zituen protagonista paperak: Coronel Redl (1985, Austria-Hungariako gudarosteko buruzagi izatera iritsi zen jatorri apaleko soldadu baten biografia) eta Hanussen, aztia (1988). 1991n film ingeles bat egin zuen Glenn Close zela protagonista: Hitzordua Venusekin (operaren aurkako satira bat, bel canto-aren alderdi guztiak aztertzen dituena –divismoak, finantzak, nazionalismoak etab.– mitoak desegiteko eta negozioaren atzean ezkutatzen dena azaltzeko). Hurrengo urtean, Emma eztia, Böbe maitea filmarengatik gidoi onenaren Europako Film Saria jaso zuen. Szabók maisutasunez elkartu ditu teknika alorreko maisutasuna eta film bakoitzean kameraren aurrean lehenengo aldiz azaltzen denaren xalotasuna. Beste zenbait lan aipagarri: Álmodozások Kora (1964); Szerelmesfilm (1970); Ösbemutató (1974); Budapesti mesék (1976); Tegebuch des grüne vogel (1980); Offenbach titkai (1996); The Taste of Sunshine (1998).