Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Szarkowski, John

Estatubatuar museo kontserbadorea, fotohistorialaria, idazle eta argazkilaria (Wisconsin, 1925 - 2007). Wisconsinen bertan egin zituen ikasketak. Argazkilari gisa lan egin zuen Minneapolisko Walker arte zentroan 1948 eta 1951 bitartean. Irakasle gisa, Minnesotako Unibertsitatean eman zituen eskolak 1950ean, eta Buffaloko Albright Art Schoolen 1951-1953 bitartean. Hurrengo urteetan zenbait liburu argitaratu zituen, The Idea of Louis Sullivan (1956, Louis Sullivanen ideia) eta The Face of Minnesota (1958, Minnesotaren aurpegia), besteak beste. 1962an Edward Steichenen lekua hartu zuen New Yorkeko Arte Modernoko Museoaren argazki saileko zuzendaritzan. Antolatu zituen erakusketen eta horiek iragartzeko katalogo bikainen bitartez, argazkilaritza artistikoaren ideia zabaltzeko eta zehazteko lan bikaina egin zuen. Bere zuzendaritzapean, Arte Modernoko Museoaren argazki sailak 100 argazki erakusketa baino gehiago antolatu zituen, eta horien bitartez argazkilaritza artistikoaren alderdi teoriko eta estetiko asko ezagutarazi zituen. Banakako erakusketak ere antolatu zituen, Gary Winogrand edo Diane Arbus bezalako artista abangoardiazkoak aurkezteko. 1991n museoa utzi zuen eta argazki saileko zuzendari emeritu izendatu zuten. Eskolak eman zituen New York, Harvard, Cornell eta Columbiako unibertsitateetan. Bere liburuetan argazkien kalitate formalak aztertzen ditu eta, artistaren asmoa gorabehera, arte obratzat ezagutzen ditu: Looking at Photographs (1973, Argiei begira); Photography Until Now (1989, Argazkilaritza orain arte).