Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sugegorri

iz. Zool. Ezkatadunen ordenako izen bereko familiako sugeez esaten da. Larrasuge izenaz ere ezagutzen dira. Burua hiruki formakoa dute, isatsa motz samarra, azala grisa, marroixka edo erabat beltza, bizkarrean sigi-sagan marra iluna eta ahoan bi hortz pozoidun. Begi-ninia goitik beheraka eratua dute. Ugaltzeko eraz, gehienak biziernalkariak dira. Saguak eta satitsuak jaten dituzte, batez ere. 43 bat sugegorri mota ezagutzen dira. Europan, Afrikan eta Asian bizi dira.  v  Europako sugegorria (Vipera verus). 87 cm luze dena eta azala gaztaina kolorekoa, berdexka edo grisa duena. Oso eraso lasterrekoa eta pozoi bizikoa da. Hil ondoren jaten ditu harrapakinak, saguak eta satitxuak, batez ere. Europako erdialdean eta iparraldean eta Espainiako iparraldean bizi da gehienbat. v Orsiniren sugegorria (Vipera Ursinii). Itxuraz Europakoaren oso antzekoa dena, baina neurriz txikiagoa, buru estuagokoa eta mutur gaineko ezkatak handiagoak eta buru gainekoak txikiagoak dituena. Europako hegoaldean, Espainian izan ezik, Turkian eta Irango iparraldean bizi da.