Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Suabia

Alemaniako hego-mendebaleko antzinako lurraldea, gaur egun Baden-Württemberg-eko eta Baviera-ko lander-ek hartzen duten eremuan. Antzina zeltak, sueboak, alamanak eta frankoak bizi izan ziren Suabian. IX. mendean dukerri bihurtu zen eta Erdi Aroko Alemaniako bost dukerri handietakoa izan zen. 1079tik 1268ra Hohenstaufendarren mendean izan zen, harik eta familia hura desagertu zenean dukerria barruti independienteetan bereizi zen arte. Erdi Aroan Suabiako ligak eratu ziren, garrantzi handia izan zutenak; hiri handienek aitonen semeen eta dukeen aginpidea murrizteko ligak eratu zituzten, baina Habsburgotarrek noble talde bat eratu zuten eta bi taldeen artean borrokak izan ziren. 1389an ligak antolatzea debekatu zen, baina 1488an Suabiako liga garrantzizkoena, Suabiako Liga Handia sortu zen, salerosketa eta Suabiako barrutien arteko bakea sustatzeko; gudaroste, epaitegi eta konstituzio berezia zuen. 1533an desegin zen katolikoen eta protestanteen arteko tirabiren ondorioz, eta lurraldea bi alderditan banatua gelditu zen; alderdi protestantea, Württemberg-eko dukea buru zuena, eta katolikoa, Austriaren aliatua.