Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Suárez Fernández, Luis

Espainiar historialaria (Gijon, Asturias, 1924). Oviedo eta Valladoliden egin zituen ikasketak. Ikasketak bukatuta, irakasle gisa lan egin zuen Valladolideko Unibertsitateko filosofia eta letretako fakultatean. Unibertsitatean, gainera, idazkari, dekanorde eta dekano izan zen. 1955etik aurrera Erdi Aroko Ikasketen Eskolako buru izan zen, Valladoliden. Sortu zenetik, zinemako lehen katedraren zuzendari izan zen, 1965. urtea arte. Azken urte horretan, irailean, Valladolideko Unibertsitateko errektore izendatu zuten, eta 1972an Unibertsitate eta Ikerkuntzako zuzendari nagusi. 1973an Antzinako eta Erdi Aroko Historia Unibertsaleko katedradun izendatu zuten, eta kargu horri eutsi zion erretiroa hartu zuen arte. Historiako Errege Akademiako kide da 1994az geroztik, Bartzelonako Letra Ederretako Akademiako kide, eta Erromako Ikerkuntza Zientifikoetako Batzorde Gorenaren Historia eta Arkeologia Eskolaren zuzendari. Berant Erdi Aroko eta Errege-erregina Katolikoen garaiko historiako aditu hadienetako bat da. Lanik aipagarrienak: Historia del reinado de Juan I, rey de Castilla (1977, Gaztelako errege Joan I.aren agintaldiaren historia); Navegación y Comercio en el Golfo de Vizcaya durante el siglo XV (1959, Itsasketa eta merkataritza Bizkaiko golkoan XV. mendean); Grandes interpretaciones de la historia (1968, Historiaren intrepretazio handiak); Europa: una conciencia histórica en la encrucijada (1972, Europa: kontzientzia historiko bat bide gurutzean); Judíos españoles en la Edad Media (1980, Espainiar juduak Erdi Aroan); Fernando el Católico y Navarra, Los Trastámara y los Reyes Católicos (1985, Fernando Katolikoa eta Nafarroa, Trastamarak eta Errege Katolkoak); Francisco Franco y su tiempo (1984, Francisco Franco eta bere garaia); Franco y la URSS (1987, Franco eta SESB).