Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Styron, William

Estatubatuar eleberrigilea (Newports News, Virginia, 1925). Pulitzer sariaren irabazlea, Nat Turnerren aitorpenak (1967) eleberriarengatik. Dukeko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Estatu Batuetako hegoaldean hazi zen, eta bere inguruneko gaiak lantzeko moduagatik William Faulknerren eragina sumatzen da bere obran. Bere lehen eleberrian, Ilunbetan etzanda (1951), Hegoaldeko erdi mailako familia baten suntsiketaren deskribapena egin zuen. Bere maisulana, Nat Turnerren aitorpenak, 1831n izan zen esklabo beltzen matxinada baten kronika da. Obra hark eztabaida handiak piztu zituen, eta Pulitzer saria irabazi zuen 1968an. Beste zenbait lan aipagarri: Ibilaldi luzea (1953), militarren entrenamendu leku batean girotutako eleberria; Etxea sutan (1960), Bigarren Mundu Gerraren ondoren Italian geratu ziren estatubatuar soldaduen bizitzari buruzko kontakizuna; Sophieren erabakia (1979), estatubatuar idazle baten eta Auschwitzetik bizirik atera zen poloniar gazte baten adiskidetasunaren historia, arrakasta handikoa; Iluntasun ikusgai hori (1990), buruko eritasun baten aurkako bere borrokaren kontakizuna; Goiz bat itsasertzean: gaztetako hiru kontakizun (1993), haurtzaroko une mingarriei buruzko kontakizunak.