Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

su

iz. Zerbait erretzen denean gertatzen den bero eta argi jalgitzea. ◊ (Beroa egiteko…) bildu eta piztu diren gaiak. ◊ Etxeko sua, sutondoa. ◊ Sutea. || Garra, lehia bizia. || Su(r)tan, su(r)tara, su(r)tatik, su(r)tako. Surtan erre. Surtara bota. || su(-)arma. Bolboraz aritzen dena. || Su eta gar. Su eta gar zeriola. || su(-)leize. Infernua. || suan. Infernuko suan. ◊ Ipar. eta Naf. Behar dela artoa suan erre. || su eman. Su eman zion etxeari. || su-eten. Borroka etena. || su hartu, suak hartu. Etxea suak hartu du. || suko. Ipar. eta Naf. su(r)tako. || sura. Ipar. eta Naf. Sura bota. || sutik. Ipar. eta Naf. Sutik atera. || sutan. Suak harturik. ◊ Haserre bizian.  v  Sua erregai bat berehala erretzearen ondorioa da, beroa eraginez eta garra sortuz. Ezinbesteko tresna eta aurrerabidea izan da gizonarentzat. 1981ean paleoantropologoek aurkitu zutenez, Keniako gizonak bazekien sua erabiltzen orain dela 1.420.000 urte inguru. Erabilera ugari izan zituen suak antzinako garaietan (argia emateko, janariak prestatzeko, abereak uxatzeko edo ehizatzeko, sasiak erretzeko eta abar). Neolitos Aroko biztanleek adibidez, lurrak sasiz garbitzeko erabili zuten sua, eta lursailak zabaltzeko; errautsa, berriz, ongarri gisa erabiltzen zuten. v Sua pizteko teknikari dagokionez, ez da gauza segurua noiz ikasi zuen gizonak sua pizten, era horretara izadian aurkitutako sua gorde beharrari ihes egiteko. Silex harria eta pirita harria elkarren kontra joz, edo zur zulo batean esku artean hartutako makila sartu eta igurtzita txinparta sortuz, pizten zen sua ia mundu osoan. Asiako hego-ekialdean, Indonesian eta Filipinetan sua pizteko tresna berezi bat asmatu eta erabili zen; banbu zuhaitzaren hodi txiki batean airea hertsatuz, beroa eta sua sortzen zuten. Horietako teknika batzuk haurren jokoetan gorde dira herrialde askotan. Europan 1800ean asmatu zen metalezko pistoi su emailea. 1827an John Walker ingeles kimikariak pospoloa asmatu zuen, fosforo sulfatoa erabilita. Sua pizteko teknikak arras erraztu diren arte (pizgailuak, pospoloak…), sua piztu baino gehiago gorde egin izan da; hala, euskal baserrietan adibidez, beheko sua itzal ez zedin, gauez brasak bildu eta lotan uzten zen, errautsez estalita, hurrengo egunean berriro bizitzeko.  v  Su-haitza. Miner. Lurreko material urtua hoztu eta gogortu ondoren sortutako kristal haitza. Su-haitzak dira, haitz metamorfikoekin eta jalkin harriekin batera, hiru haitz mota nagusietako bat. Bi erako su-haitzak izaten dira: lurpean hoztu direnak (granitoa, sienita, diorita…) eta sumendietakoak edo lur gainean gogortuak (perlita, riolita, trazita…). Mea sail handiak osatzen dituzte su-haitzek: kuartzoak, feldespatoak, piroxenoak, mikak… Lurpeko su-haitzak poliki hoztu zirenez gero, kristal lodiak dituzte, eta kozka nabarmenak. Kanpoan hoztuak, berriz, laster gogortuak dira, eta kristal finak izaten dituzte. Harri horiek lur gainean geratu zirenean, gasek alde egin eta beste meek hartu zuten haien lekua.  v  Berezko su hartzea. ik. errekuntza.