Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sturm und Drang

(Eusk. «Ekaitza eta bultzada»). Alemaniako literatura eta kultura higikundea, erromantizismoaren aurrekoa (1770-1790). J. J. Rousseau-ren pentsamenduaren eraginpean, higikunde horren jarraitzaileek sentiberatasunaren garrantzia azpimarratzen zuten arrazionalismoaren aurka, Frantziako teatro klasikoaren arauei jeinuaren originaltasuna kontrajartzen zietela. Senaren eta Alemaniako antzinako izpirituaren aldarrikapena, eta konbentzioen haustura ziren ezaugarri nagusiak. Higikundearen garrantzi historiko handia, sortu zituen lan orijinaletan baino areago, bideratu zituen harreman eta adiskidetasun pertsonaletan, eta joera erromantiko desberdinetan izan zuen eraginean datza. Lessing-en polemikak –frantses antzerkiaren aurka–, eta Hamann-en eta Herder-en idazki teorikoak literatura joera hau iragarri zuen. Sturm und Drang-eko kide izan ziren Goethe, Schiller eta Herder beren lehen denboretan. Horiez gain, bigarren mailako hainbatek ere esku hartu zuten: Bürger, Heinse, Jung, Lenz, Miller, F. Müller…