Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sting

(Jaiotza izena, Gordon Matthew Sumner). Ingeles musikaria (Wallsend, Newcastle, 1951). Jazz musikarako zaletasuna izan zuen gaztetandik, eta ikasketak amaituta, zenbait eskola katolikotan irakasle gisa lan egiteaz gainera, baxua jotzen zuen, gauez, hiriko jazz taldeetan. 1973an bere taldea sortu zuen, Last Exit, eta Londresa joan zen, lan egitera. Virgin disko etxeak musika idazteko kontratatu zuen. 1977an The Police taldea sortu zuen. Hasieratik bertatik izugarrizko arrakasta izan zuen taldeak, bai jendearen aurrean bai kritikarien artean. Sting taldearen arima bihurtu zen, berak idazten baitzuen musika, kantatzeaz eta jotzeaz gainera. Taldearen lanik aipagarrienak hauek izan ziren: Outlandos d'amour (1978); Zenyatta mondatta (1980); Ghost in the machine (1981); Synchronicity (1983). Azkeneko urte horretan, bizialdi labur baten ondoren, eta arrakastaren gailurrean zirela, taldea desegin egin zen. 1986an berriro elkartu zen Amnesty International erakundearen aldeko jira batean parte hartzeko. Geroztik, bakarka aritu zen Sting, arrakasta handiz. Bakarka argitaratu ditu The dream of the blue turtles (1985, Dortoka urdinen ametsa), Bring on the night (1986), Nothing like the sun (1987, Ezer ez eguzkia bezalakorik) eta The soul cages (2000, Arima kaiolak). Bestalde, zinemaren munduan, zenbait filmetan parte hartu du antzezle gisa: Quadrophenia (1978); Radio on (1979); Brismstone Treacle (1982); Dune (1984); The bride (1985); Julia, Julia. Zenbait filmetarako musika ere idatzi du.