Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stirling, James Frazer

Ingeles arkitektoa (1926 - 1992). Liverpoolen eta Londresen egin zituen ikasketak. Arkitekto modernoa da ezer baino lehen, forma hutsaren adierazkortasunean sinesten duena. Hirurogeiko hamarraldiko europar arkitekto berritzaileena izan zen. Bere obraren aurreneko proiektuetan abangoardia konstruktiboaren eragina sumatzen da. James Gonanekin elkartu zen 1956-1963 bitarteko urteetan, eta elkarrekin egin zuten Leicesterko Unibertsitateko ingeniaritza laborategiaren eraikina. 1964an Cambridgeko historia fakultatea egin zuen, adreiluz eta kristalez, lerro diagonala eraikuntzaren ardatz antolatzaile gisa erabilita. Adreilu eta kristal hutsez egin zuen, halaber, Florey Egoitza, Queen's Collegen (Oxford, 1966). 1969an Olivetti enpresaren hezkuntza zentroa eraikitzea agindu zioten. Bi urte geroago, Michael Wildfordekin elkartu zen. Beste eraikuntza batzuen moldaketak eta eranskinak egin zituzten batez ere. 1972an etxebizitza sozial batzuk egin zituen Southgaten, zuntz sintetikoz estalitako edukiontzien modukoak. Bere obra publiko inportantena Stuttgarteko Stattsgalerie-ren zabaltze lana izan zen. Jaso dituen arkitektura sarien artean aipagarria da, beste askoren artean, Pritzker saria, 1981ean. 1985. urtea arte bere gain hartu zituen Londresko Tate Gallery museoaren zabaltze lanak.