Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Steinem, Gloria

Estatubatuar idazle eta aktibista politikoa (Toledo, Ohio, 1934). Smith College-n eta Delhi eta Kalkultako unibertsitateetan, Indian, egin zituen ikasketak. Kazetari gisa lan egitea erabaki zuen eta 1960an lanpostua lortu zuen New Yorkeko Help! aldizkari politiko satirikoan. 1963an Ni Playboy aldizkariko untxietako bat izan nintzen artikulua argitaratu zuen, Manhattaneko Playboy Club-en isilpean egin zuen lanean oinarrituta. Arrakasta handia izan zuen eta harrezkero bere artikuluak modako aldizkarietan argitaratzen hasi ziren: Vogue, Glamour, Cosmopolitan. 1964-1965 urteetan telebistarako gidoiak idatzi zituen ospe handiko programa baterako. 1968an politikari buruz idazten hasi zen berriro, eta astean behin zutabe bat idatzi zuen New York aldizkarian. Handik gutxira bat egin zuen feminismoarekin, eta higikunde horretako pertsona nagusietako bat bihurtu zen. 1971n, Betty Friedan, Bella Abzug eta Shirley Chisholmekin batera, National Women's Political Caucus sortu zuen. Urte horretan bertan, Pat Carbineren laguntzarekin, lehen aldizkari feministaren argitalpena bultzatu zuen: Ms (mister eta miss edo missis kortesiazko formulak batzeko proposamena). Handik aurrera emakume gazteen eredu bihurtu zen, emakumeak askatasuna lortzen duenean gizona ere gizaki oso bihurtuko delakoan. Lanik aipagarrienak: Ekintza eskandaluzkoak eta eguneroko mutirikeriak (1983), saiakera eta artikulu bilduma; Marilyn (1986), zinema antzezle ezagunaren biografia; Barne iraultza (1991), feminismoaren barruan bizitako sentimenduen azterketa.