Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stein, Gertrude

Estatu Batuetako idazlea (Allegheny, Pennsylvania, 1874 - Neuilly-sur-Seine, 1946). 1903an Parisen hartu zuen bizilekua bere anaia Leorekin batera. Haren etxea idazleen (Apollinaire, Cocteau) eta abangoardiako pintoreen (Matisse, Gris, Picasso) biltoki izan zen, eta Cézanne, Rousseau eta beste artista batzuen koadro bilduma handi bat egin zuen. 1907an Alice Toklas ezagutu zuen, gerora bizitza osoan adiskide mina izan zuena. Garai hartan idatzi zituen lehen liburuak: Three Lifes (1909, Hiru bizitza) eta Making of Americans (1911), 1925ean argitaratu zena. Kubismoaren ezaugarriak literaturara aldatzen saiatu zen. Horren erakusgarri da Tender Buttons (1914, Botoi hauskorrak) olerki liburua. 1920tik aurrera Estatu Batuetatik Parisa joandako Scott Fitzgerald, Ernest Hemingway, Sherwood Anderson idazleen adiskide izan zen, eta eragin handia izan zuen haiengan. 1933an The Autobiography of Alice B. Toklas (Alice B. Toklasen autobiografia) idatzi zuen; liburu horretan bere buruaz hitz egiten du batez ere, eta ordu arte izan ez zuen ospea eman zion. 1935ean Estatu Batuetara joan zen hitzaldiak ematera eta ikusmin handia sortu zuen han, judua, beste emakume batekin bizi zena eta abangoardiako idazlea izanik. Europara itzuli zen, eta han eman zituen bere azken urteak. Stein-en idazkera abangoardiakoa eta esperimentala zen, ingeles literatura tradizioa irauli nahi zuena; estiloa errepikakorra du eta literatura genero guztiak landu eta nahasi zituen.