Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stein, Karl von

Prusiako politikaria (Nassau, 1757 - Kappenberg, Westfalia, 1831). Aiton semeen familia batean jaio zen. Göttingen-en egin zituen ikasketak. 1780an Prusiako erregearentzat lanean hasi zen eta hogeita bost urtez Prusiako ekonomia eta industria garapenari atxikia egon zen. Frantziako Iraultzaren etsai amorratua zen; 1803an Prusiak beretu berri zituen lurraldeen administrazioaz arduratu zen. 1806an Finantza ministro izendatu zuten eta aurre egin zion Napoleonen zabalkundeari. 1807an oinarrizko berrikuntzak proposatu zituen: laborarien morrontza deuseztea, administrazio zentrala berriro antolatzea, gudarostea errotik eraberritzea. Baina Prusiako klase agintariak eta Napoleonek aurka egin zioten eta 1808ko azaroan kargua utzi eta erbesteratu behar izan zuen, Austriara hasieran eta Errusiara gero. Errusiaren eta Prusiaren artean hitzarmen bat izenpetzea eta Frantziari gogor eratsotzea proposatu zuen; Borboitarren itzuleraren aldeko agertu zen eta Alemaniak Alsazia beretu zezala eskatu zuen; ez zuen lortu, ordea, Germaniako Inperioa berriro osatzea. Vienako kongresuaren ondoren politika utzi eta 1819an Alemaniako Historia Elkartea sortu zuen.