Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Smith, Maggie

Britainiar zinema eta antzerki antzezlea (Ilford, Essex, 1934). Oxfordeko Playhouse eskolan egin zituen antzezpeneko ikasketak eta 1956an komediako antzezle gisa debutatu zuen New Faces Revue ikuskizunean, New Yorken (1956). Hain zuzen ere, gerora ere komedietan egindako interpretazioengatik izan da, batez ere, ospetsua. 1959an Old Vic konpainian sartu zen eta handik berehala saritu zuten Peter Schafferren Belarri pribatua eta Begi publikoa lanen interpretazioagatik (1962). Maggie Smith azken hogeita hamar urteetako britainiar antzerkigintzako antzezle handienetakoa eta zinemako antzezle garrantzitsuenetakoa izan da. Bere ezaugarrien artean azpimarratzekoa da komediarako sena, fintasuna eta argitasuna, eta orobat agertokian erakusten duen egokera klasiko baina sendoa; ezaugarri horiek ospe handia eman diote Londresen zein New Yorken. Lan aipagarriak ditu, besteak beste, Bizitza pribatua (1972) eta Fidel izan beharraz (1992) obretako interpretazioa. Antzerki klasikoari dagokionez, lan gogoangarria egin zuen Othello obran, Laurence Olivierrekin (1964). Zinemagintzan, bigarren mailako emakumezko antzezle onenaren Oscar saria eman zioten California Suite filmarengatik, eta emakumezko antzezle onenarena lortu zuen Miss Brodieren urterik onenak lanarekin.