Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Smith, Jimmy

Estatubatuar jazz jotzailea (Norristown, Pennsylvania, 1925). Piano eta baxu ikasketak egin zituen 1948-1950 bitartean eta 1951n organo elektrikoa jotzen hasi zen. Handik lau urtera, 1955ean, hirukotea osatu zuen eta debut ospetsua egin zuten 1956an New Yorkeko jazz areto batean. 1956tik 1963ra jazz klasikoko zenbait disko eman zituen argitara, Blue Note disko etxearekin. Disko batzuetan jazz taldeko buru gisa parte hartu zuen eta beste batzuetan hainbat musika jotzaile ospetsurekin (Lee Morgan, Kenny Burrell, Art Blakey, Lou Donaldson, Jackie McLean, Stanley Turrentine) egindako jam sessionak bildu zituen. Smith da Estatu Batuetako jazz musikako organo jotzaile handienetakoa; izan ere, Smithek iraultza eragin zuen jazz musikaren baitan organoa jotzeko zuen tankera bereziarekin. Teklatuak jotzeko modua eta pedalaren erabilera berrizalea zabaldu zituen. Doinu aberastasun handia lortu zuen, ordu arte organoarekin ez bezalakoa, eta eragin handia izan du harrezkeroko jazzeko organo jotzaileetan. Bestalde, hainbat lan idatzi ditu, adibidez The Sermon, Back at the Chicken Shack, Open House, Plain Talk, etab. 1964an Grammy saria irabazi zuen The Cat lanarengatik. 1990eko hamarraldian zenbait emanaldi eta bira egin zituen.