Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sirk, Douglas

(Jaiotza izenaz, Claus Detley Sierk). Estatu Batuetako zinemagilea, jatorriz daniarra (Skagen, Danimarka, 1900 - Lugano, Suitza, 1987). 1920tik 1935era ospe handiko antzerki zuzendaria izan zen Hanburgon, Bremenen eta Leipzigen. 1935ean, Alemaniako UFA produkzio etxean hasi zen lanean eta zazpi film egin zituen. 1937an, Estatu Batuetara erbesteratu zen naziengandik ihesi. 1942an egin zuen lehen filma Hollywooden, Douglas Sirk izenaz. Hasieran bere kasa ari izan zen eta 1950etik aurrera Universal produkzio etxerako. Europara itzuli zen eta antzerkian jardun zuen berriro; hiru film labur egin zituen eta irakasle izan zen. Westernak, historiazko filmak eta komediak eginagatik, melodrama izan zen Sirkek gehien landu zuen generoa. Naturalismoari uko eginez, estilizazioaz, parabolaz eta metaforaz baliatuz eta Shakespeareren eta Greziako klasikoen eraginez goren mailara eraman zuen melodrama, Estatu Batuetako tradizioarekin bat eginik. Filmak: Magnificent Obsession (1953, Obsesio handia), There’s Always Tomorrow (1956), Interlude (1957), Imitation of Life (1958, Bizitzaren imitazioa), Written on the Wind (1956, Haizean idatzia), Tarnished Angels (1957), All That Heaven Allows (1955), A Time to Love and a Time to Die (1957, Maitatzeko garaia eta hiltzeko garaia).