Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Simon, Paul

Estatu Batuetako musikaria (Queens, New York City, 1941). Gaztetatik erakutsi zuen musikarako zaletasuna, eta 15 urte besterik ez zituela bere auzokoa zen Art Garfunkel-ekin batera Tom and Jerry izeneko bikotea osatu eta eman zituen lehenengo ekitaldiak eskolan. 60. urteetan hainbat disko atera zituen Simon and Garfunkel bikoteak. 1970. urtean Bridge Over Troubled Water egin zuten; arrakasta handia lortu zuten arren diskoa atera eta berehala hautsi zen bikotea; ordundik hiru bat alditan baino ez dira elkartu kantaldiak emateko (azkena 1991. urtean New York hiriko Central Park-ean). Simon-ek bakarka kantatzeari ekin zion, eta disko ugari atera zituen 80. urteetan. Kantetan folk-a, pop-a eta rock-a nahasten zituen maizenik, nahiz eta batzuetan soul, regge nahiz salsa ukitua zuten kantak idazten zituen ere. 1986. urtean mundu osoan zehar ezaguna egin zen Graceland izeneko lana atera zuenean; bertan, Afrikaren hegoaldeko erritmoak maisuki nahastu zituen pop eta rock-arekin. Mundu osoko musikariekin lan egitea gogoko du. Aipagarriak dira, besteak beste, Garfunkel-ekin batera atera zituen: Wednesday Morning 3. A. M. (1964), Sounds of Silence (1965), Bookends (1970) eta The Concert of Central park (1982), eta bakarka egindako There Goes Rhymin' Simon (1972), Hearts and Bones (1984) eta The Rhym of the Saints (1991).