Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Simoneau, Yves

Kanadar zinema zuzendaria (Québec, 1956), Zinematografiako ikasketak egin zituen Laval Unibertsitatean, eta 17 urte zituela kamera gisa hasi zen lanean Québec-eko Kanada irratian. Simoneauk hainbat genero landu zituen, baina film luzeei dagokienez thrillerrean nabarmendu da batez ere. 1978 eta 1979. urteetan bost dokumental egin zituen Frantzian eta 1983an Pourquoi l'étrange Monsieur Zolock s'intéressait-il tant à la bande dessinée? dokumentala egin zuen. 1982an egin zuen suspentseko bere lehenengo film luzea, Les Yeux rouges ou les vérités accidentelles. 1986an, berriz, Anne Héberten Les Fous de Bassan eleberri gotikoan oinarrituriko film bat egin zuen, eta handik hiru urtera thriller futurista bat aurkeztu zuen, Dans le ventre du dragon, zeinetan agertu baitzuen herensuge gisa gizarte modernoa eta haren eder gisa, berriz, zientzia modernoa. 1991n ingelesezko bere lehen filma estreinatu zen, Perfectly Normal. Simoneauk kezka handia erakutsi zuen zineman lirismoa ikertzeko eta zinemak eskaintzen dituen aukera fantastikoak eta errealitateaz kanpokoak lantzeko. Bere lanean azpimarratzekoa da kameraren mugimendu arina eta estilo aberats eta sentsuala lortu izana; bere filmetan sena eta bat-batekotasuna nabarmentzen dira. Filmak egiteko moduan aipagarria da estatubatuar egileen eragina, baina Europako zinemagintzaren kutsua nabari zaie bere pertsonaiei oro har.