Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Silva Henríquez, Raúl

Txiletar kardinala (Talca, 1907). Lehen ikasketak sorterrian eta Santiagon egin zituen. 1924-1928 bitartean zuzenbide ikasketak egin zituen Txileko Unibertsitate Katolikoan, eta 1929an eskuratu zuen abokatu titulua; honoris causa doktorea da Txileko Unibertsitate Katolikoan, Yoma Collegen, Georgetownen eta Notre Damen. 1930ean Salestarren kongregazioan sartu zen. 1934an Italiara abiatu zen ikasketak osatzera eta handik lau urtera ordenatu zen apaiz. Urte hartan bertan itzuli zen Txilera. Harrezkero, Teologia irakasle gisa lan egin zuen, Rumbos (1948) aldizkaria sortu zuen, Migrazioen Institutu Katolikoa (INCAMI) antolatu zuen (1954) eta, 1956an, Nazioarteko Caritasen Txileko sailaren ardura hartu zuen. 1959an gotzain izendatu zuten, eta 1961ean artzapezpiku. 1962an kardinal maila eskuratu zuen eta Vatikanoko II. Kontzilioan eta Latinoamerikako Eliz Bileretan parte hartu du, besteak beste. Garrantzizko lana egin zuen Augusto Pinocheten gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketetan. Besteak beste, 1974an Bakearen Aldeko Batzordea eta hurrengo urtean Kristau Humanismoaren Akademia sortu zituen. 1983an bertan behera utzi zuen artzapezpiku kargua.