Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Siluriko

Geol. Paleozoikoko hirugarren eta azken aldia, Ordobiziko aldiaren eta Devoniarraren artekoa (orain dela 428-408 milioi urte bitartean). v Ia kontinente guztietan daude aldi hartako harriak, eta horietan lehorreko landareen eta animalien fosilik zaharrenetakoak aurkitzen dira. Aldi hartan Ipar Amerikako eta Groenlandiako kontinenteak bat eginda zeuden eta Europako plakaren kontra jo zuten; horren ondorioz Ozeano Atlantikoa ia desagertu egin zen. Hala, kaledoniar orogenia sortu zen eta, horren eraginez, Eskandinaviako eta Eskoziako mendiak eta Appalatxeak elkartu ziren, eta mendikate handi bat eratu. Iparraldeko kontinente guztiak elkarturik edo elkarrengandik oso hurbil zeuden, eta Laurasia izeneko kontinente handia eratzen zuten. Hegoaldean, berriz (Gondwanako kontinente handian), Afrika eta Hego Amerika iparralderantz higitu ziren. Iparralderantz, higitzean, hego buruko izotzak urtu egin ziren eta kontinenteen barruan sakontasun gutxiko itsasoak sortu ziren. Horren ondorioz, Hego Amerikako eta Afrikako toki askotan –Saharan, adibidez– sedimentu asko pilatu ziren eta petrolio hobi handiak eratu ziren lurpean.