Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

semita 1

iz. Asiako mendebaleko herri multzoa eta haien ondorengoa. Izena Sem-engandik, Noe-ren semearengandik, jaso dute, haren ondorengotzat jotzen baitira semitak. Egungo Arabiako iparraldetik abiatu ziren herri semitak, olde berezietan, Asiako hego-mendebalerantz, Afrikako ipar-ekialderantz eta Afrikako ekialderantz. K.a. 5000. urtean kokatu ziren akkadiarrak Mesopotamian; K.a. 3000. urtean heldu ziren amoriarrak Mesopotamiara eta Babilonia sortu zuten; K.a. 2000. urtean sortu zituzten aramaiarrek beren erreinuak Sirian eta Eufrates ibaiaren goi arroan; K.a. 2000. urtean abiatu ziren hebrearrak Mesopotamiatik Kanaan aldera; K.a. XV. mendean heldu ziren feniziarrak Kanaan-go iparraldeko kostaldera; K.o. III-IV. mendeetan jo zuten abisiniarrek Etiopia aldera eta bertako herri beltzekin nahasi ziren, eta K.o. VII. mendean hasi ziren arabiarrak Asiako mendebalerantz, hegorantz eta ekialderantz zabaltzen.