Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

semita-hamita

iz.  v  Semita-hamita hizkuntzak. Hizkl. Asiako hego-mendebalean eta Ipar Afrikan erabiltzen diren hizkuntzak. K.a. 8000-6000 urte bitartean sortu bide ziren hizkuntza horiek Ipar Afrikako Saharan, eta handik zabaldu ziren ekialderantz, Asia eta Afrika aldera. Bost adar nagusi bereizten dira hizkuntza sail honetan: semita hizkuntzak, egiptoera, berberiera, kush-a eta txad-a. Denboraren emanean, bereizkuntza nabariak sortu dira hizkuntza horien artean; asko galdu dira, eta gaur egun nagusi dira, beste guztien gainetik, arabiera eta, neurri askoz ere apalagoan, hebreera. Arabierak ehun milioi hiztun inguru ditu eta estatu askotako hizkuntza ofiziala da; hebreerak 10 milioi hiztun ditu eta Israelgo estatuko hizkuntza ofiziala da. Egiptoera Egiptoko hizkuntza nagusia izan zen luzaroan; bestalde, XVII. mendea arte hitz egin zen haren dialekto bat, kopto hizkuntza alegia. Gaurko egunean, elizkizunetarako hizkuntza baizik ez da koptoa. Berberiera Ipar Afrikako biztanle askoren (sei milioitik gora) hizkuntza da, baina ez zaio inolako ofizialtasunik onartzen. Kush hizkuntza Eritrean, Sudanen, Etiopian eta Tanzaniako eta Kenyako lurralde batzuetan erabiltzen da. Amariera semita hizkuntza da Etiopiako hizkuntza ofiziala. Txad hizkuntzen artean, hausa da nagusia eta Nigeria, Niger, Ghana, Kamerun, Togo, Dahomey, Txad eta Afrikako Erdialdeko Errepublikako lurralde batzuetan erabiltzen da.