Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

semiotika

iz. Fil. eta Log. Zeinuen teoria orokorra, eta zeinuen egiturarena pentsamenduan. || Zeinuen eta zentzuaren teoria, eta giazartean duten funtzionamenduarena. ik. semiologia.  v  Hizkl. Semiotikak tradizio handia izan du filosofian. Lehen aldiz J. Locke filosofoak erabili zuen hitza, XVII. mendean. Gero Ch. Pierce-k, Estatu Batuetako logiko eta filosofoak, eta Ch. Morris semantikariak landu eta hedatu zuten hitza. Morris-ek, zeinuaren teoria orokor baten baitan, hiru alorretan bereizi zuen semiotika: pragmatika, zeinuen erabilera aztertzen duena, semantika, zeinuaren eta esanahiaren arteko harremanak lantzen dituena, eta sintaxia, esanahia alde batera utzita zeinuak berak eta zeinuen arteko harremanak aztertzen dituena. Logikoek eta batez ere hizkuntzalariek erabili dute sailkapen hori. Bestalde, semiotikak aztertzen dituen zeinu sistemak direla eta, bi joera nagusi izan dira: komunikazioaren semiotika (Buyssens, Martinet), berez komunikatzeko helburua duten sistemak soilik aztertzen dituena, eta esanahiaren semiotika (Barthes eta sobietarrak), gertaera esanahigarri guztiak aztertzen duena (jantziak, janariak…). Gaur egungo semiotikak zeinu sistema guztiak ikertzen ditu, bai esanahia eta baita komunikazioa ere kontuan hartuta.