Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Seles, Monica

Estatubatuar tenis jokalaria, jatorriz jugoslaviarra (Novi Sad, Voivodina, gaur egun Serbia, 1973). Oso gaztetatik nabarmendu zen tenisean, eta hamar urte bete aurretik Estatu Batuetara aldatu zen, bere prestakuntza hobetzearren. 1989. urtean iritsi zen profesionalen mailara eta 1990ean Roland Garros lehiaketa irabazi zuen; bera izan da lehiaketa horren historiako irabazle gazteena. 1991n emakumezkoen nazioarteko tenis elkartearen sailkapeneko jokalaririk onena izatera iritsi zen; maila hori iristen gazteena izan zen, 17 urterekin. Urte hartan eta 1992an Australiako Irekia irabazi zuen, eta 1992an Estatu Batuetakoa; 1993an hurrenez hurreneko Australiako hirugarren txapelketa irabazi zuen. 1993. urtean labankada bat eman zioten partida baten ondoren, eta zaurietatik sendatu zen arren, 1995. urtea arte tenis profesionala alde batera utzita egon zen, erasoaren ondorio psikologikoen eraginez. Lehiaketetara itzuli eta hurrengo urtean, 1996an, laugarrenez lortu zuen Australiako Irekian garaipena.