Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

seleukotar

iz. eta izlag. Traziatik Indiako mugarainoko lurraldea bere mende izan zuen dinastia helenistikoaz esaten da (K.a. 312-64). v Historia. Seleukos I.a, Alexandroren jeneral nagusietako bat, izan zen dinastiaren sortzailea. Alexandroren inperioaren zatiez jabetzearren pizturiko gerretan Demetrio garaiturik (K.a. 305), Babilonia hartu zuen bere mende. 305etik aurrera erresuma hedatzen hasi zen hala ekialdera, Indo ibai aldera, nola mendebalera, Siria eta Anatolia aldera. 281ean, Seleukos I.a hil zen urte berean, Asia Txikiko eta itsasarteko hiri greziarrak erresumaren barne zeuden. ondorengo errege seleukotarrek Alexandrok ezarritako administrazioaren moldeak aldatu zituzten; hala, aginpide bikoitzak, zibilak eta militarrak, zekartzan arazoak ezabatzearren, buru bakarra ezarri zuten probintzia bakoitzean. Seleukotar inperioak garrantzi eta eragin handia izan zuen politikan, ekonomian eta kulturan. Tauruseko mendateak beren mende izanik, Anatoliaren eta Siriaren arteko merkataritzaren kontrola zuten beren esku; gauza bera gertatzen zen Helesponton, Traziaren eta Anatoliaren artean. Helenismoa zabaldu zuten inperio osoan, bertako kulturen aurrean greziar kulturaren nagusitasuna bermatuz, eta xede hartan hiri autonomoen eraikuntza lagungarri izan zuten: Seleuzia izeneko hirurak, Antiokia, Laodizea, Dura Europos, Berea (Alepo), Apamea. Inperioaren ardatza orduko Siriak, Mesopotamiak eta Eufrates ibaiaren eta itsasoaren arteko lurraldeak osatzen zuten. K.a. III. mendean jadanik, lurralde zabalak galtzen hasi zen. Seleukotarren benetako gainbehera erromatarrak K.a. 190ean Termopilas-en garaitu zitzaizkienean hasi zen. Mendeko herriak seleukotarren kontra matxinatzen hasi ziren Erromaren laguntzarekin. Partiarrak Mitridateren garaian (171-138) Iranez jabetu ziren. Gero Mesopotamia eta geroago Palestina galdu zuten. K.a. 64an erromatarrek behin betiko garaipena lortu zutenean, Siria eta ekialdeko Zilizia besterik ez zeuden seleukotarren mende.